Gidatzeko laguntza-sistemetan eta gidatze automatizatuaren inguruan egindako azken garapenak automobilgintzaren industriak bultzatu ditu. Ibilgailu automatizatuak auto-fabrikatzaileen artean lehentasun bilakatu izana errealitate bat da. Hala ere, garapen horietako askok, heldutasun-maila handiagoa behar dute, eta, horretarako, funtzionaltasun horiek segurtasun funtzionalarekin lotutako estandarren arabera baliozkotu behar dira.

Hainbat agertokitan konektatutako ibilgailu automatizatuak probatu eta balioztatzeko metodologia garatzen da AutoEv@l proiektuaren baitan. Ildo horretan, Tecnalia-n azken urteotan garraio adimenduneko sistemetan (ITS), gidatzeari laguntzeko sistemetan (ADAS), mugikortasun automatizatu konektatu eta kooperatiboan (CCAM), azpiegitura adimendunen eta ibilgailuen gidatze automatizatuan egindako ikerketetan oinarritzen gara.

Ekarpen horietan oinarrituta, ibilgailu automatizatuentzako kontrol-arkitektura orokorrena 6 bloketan egituratuta dago. Haren helburua, etapa bakoitzean algoritmo/funtzionalitate berriak gaitzea eta baliozkotzea da, alegia, eskuratzean, hautematean, komunikatzean, erabakitzean, kontrolatzean eta jardutean, beti ere, egoera desberdinak aintzat hartuz. Era berean, ingurune simulatuetan eta plataforma eta ibilgailu errealetan ezartzeko aukera ematen du.

Aurreko berrietan, proiektuan erabiltzen ditugun pertzepzio, lokalizazio eta komunikazio-sistema batzuk deskribatu dira. Oraingo honetan, hobeto azaldu nahi genuke “erabaki” fasea.

Erabaki-etapak ibilgailuaren maila altuko erabakiak hartzen ditu, betiere zirkulazio-arauetan oinarrituta. Gainera, etapa honetan, ibilgailuak  egin behar dituen ibilbideak definitzeko, pertzepzio- eta komunikazio-etapetatik jasotako informazioa erabiltzen da, besteak beste (ibilgailuaren dinamika, inguruko baldintzak, etab…). Giza gidari batek gidatzerako orduan erabaki ugari hartu behar izateak, etapa hau hainbeste ez garatzea eragin du, gainontzeko faseekin alderatuz. Erabaki-etapan definitzen diren ibilbideak leunak, jarraituak eta seguruak izan behar dute, ibilgailuaren kontrol-etapara bidaliko baitira. Era berean, ibilbide horiek denbora errealean sortu behar izatea, beste zailtasunetako bat da.

Erabilera-kasuaren arabera, hala nola, ibilgailu artikulaturako eta pilotoi aurreraturako, erabaki-etapan sortutako ibilbideen kontsignak erabiliko dira. Halaber, garrantzitsua da erabaki-sistemei aplikatutako Adimen Artifizialeko (AA) teknologien bilakaera, datozen urteetan erabakigarriak izango baitira. Ez da kasualitatea ibilgailu automatizatua beste joera teknologiko batzuen eskutik sortzea: AA, mundu konektatua, Big data, ikusmen artifiziala. Autoev@l-en aldaketa horiek laster iristeko eta gure gizartean erraz egokitzeko lanean ari gara.