Zalantzarik gabe, satelite bidezko nabigazio-sistema globala, ingelesezko siglekin ezagunagoa den GPS/GNSS-a, ibilgailu-flota bateko elementuak kokatzeko sistemarik erabiliena da. Hasiera batean, nabigazio aeronautiko militarrari laguntzeko diseinatu zen, baina gaur egun, teknologia hori ingurune konplexuetan aplikatzen ari da, hala nola hirietan, lurrazpiko eremuetan, baita sateliteen seinaleen bidez kokapena zehaztu ezin den lekuetan ere.
Era berean, ibilgailu automatizatuak garatu ahal izateko, lokalizazio zehatz bat behar da, non ibilgailuaren kontrola segurua den ziurtatzeko, ezinbestekoa den ibilgailua zein erreitatik zirkulatzen duen bereiztea. Beste kokaleku batzuetan, GNSS-ak lagundu ez dezaken toki horietan, beharrezkoa da baita ere lokalizazio zehatz eta seguru bat lortzea, esaterako, barnealdeetan.
Testuinguru horretan, Ceit zentro teknologikoak posizionamendu sistema multisentsore berri bat garatu du, ibilgailuaren kokapenaren zehaztasuna hobetzen duena, eta barnealdean zein kanpoaldean erabil daitekeena. Era horretara, GPS/GNSS sistemen gabezia nagusia gainditu da, alegia barnealdeetan erabili ahal izateko ezgaitasuna, izan ere, hormigoia bezalako egitura gogorrek, lekuari buruzko datuak lortzea zailtzen du.
Aipatutako sistema berri hau, Ultra Wide Band (UWB) teknologietan eta sentsore inertzialetan (IMU) oinarritzen da. Teknologia horiek datuak lortzea ahalbidetzen dute, eta GPS/GNSS-aren seinale uhinek igaro ezin dezaketen egitura edo objektuak zeharka ditzakete.
Sistemaren sentsore inertzialak ibilgailuan bakarrik jartzen diren bitartean –ibilgailuaren dinamika modelatu ahal izateko–, UWB teknologiak, antena igorleak kokatzen ditu posizionamenduaren zehaztasun handiagoa behar den tokietan, baita GPS/GNSS-a heltzen ez den leku gatazkatsuetan. Ezaugarri honek, Ultra Wide Banden antena igorleak edo balizak jartzea ahalbidetzen du, erabilpen kasuak eskatzen dituen baldintzetara egokituz.
Garapen hori gauzatu ahal izateko, beharrezkoa izan da aldez aurretik azterketa bat egitea, UWBko balizen kokaleku ideala zein den ikusteko eta une oro seinaleen estaldura, ikuspena eta irismena lortzeko. Era berean, ezinbestekoa izan da sistemaren eredu dinamikoa ibilgailura egokitzea, sentsore inertzialek edozein mugimendu zuzen interpretatzeko gai izan daitezen.
Garatutako kokapen-sistema balioztatua izan da hiriko automozioaren eremuan, AUTOEV@L proiektuaren baitan, eta, era berean, kontzeptu probak egin dira beste ingurune batzuetan, hala nola, portuko/ontzigintzako edo trenbideko inguruneetan.
Sistema honen inguruan egindako azterketari esker, inguruneari egokitutako karakterizazio egokia lortu da hainbat agertoki ezberdinetan. Argi utziz erabilitako teknologien konbinazioak, aukera handiak ematen dituela kanpoaldeko zein barrualdeko nabigazio zehatza, arina eta etengabea ezagutzeko.